|
|
|
EUSKALDUN BAT MARTEN
Marten bizi naiz -Frantzian.
Bost mila biztanle duen herri baten,
ta tabernarik ez.
Arratsaldeko seietan
inor ez kalean.
Entzun dut NASA-k misio bat bidaliko duela,
bizitza kondizio hauetan posible den aztertzeko.
PENTSAKOR
-Zertan ari zara, motel,
kopetilun,
zigarroa hatzamarren artean duzula,
pentsakor?
-Ba keari begira.
Nik ulertu nion:
Bakeari begira.
COLLAGE
Zeren baskoak baitira animos eta gentil
Orain hemen nago, eremu latz honetan
Hareaz eginak desparadisuaren zutabeak
Oi lur, oi lur, oi ene lur neria!
ESKRIBA ESERITA (Musée du Louvre)
"Escriba, escriba"
La Galleta del Norte
Eskriba, idatz ezazu,
ez diktatzen dizutena,
zure begi biziekin ikusten duzuna baizik,
hainbeste ahanzturari su emango dion
lehen eta beharrezko hitza,
kontatzen zaituen historiaren haria ebaki ezazu,
zure ahotsa entzun dezagun, argi, aire zabalean.
BERPIZKUNDEA
"Oi, lur, oi, lur,
oi ene lur neria"
Lizardi
Berpiztuko zintuen euriaren zain zeunden,
ene lur neria.
Horitzen, sikatzen hasi zinen,
ezer ez ulertu arte, zugan lurperatuta.
Gaur euria ta euria ta euria da,
gaur haize leun batek mugitzen dituen belarrak berpizten dira.
Eta gaur, ene lur neria, zurekin berpiztu nahi dut
eta zu bezala nere barnetik sortu!
AGIAN
Agian, hemen gaude.
Gertutik ikusita, ez dirudi
gure ingurumenaren parte garenik.
Agian, gogoa da
dugun gauza bakarra.
ARGITARATZEA
Ardi bat argitaratu nahi dut.
Argi beltz bat.
OLATUENA
Urrunetik entzuten dut olatuen distira.
Hain ezagunak dira!
Egunero geratzen naiz olatuei begira.
Zelako soka-tira!
Betiko sua etengabe zeruaren kabira.
Egunen eta olatuen etengabeko bira.
KONTUZ IBILI
Baten batek irakurriko du
idazten duzuna.
Baten batek irakurriko du
eta ez zaio batere gustatuko.
Kontuz ibili.
Baten batek irakurriko du
idazten duzuna
eta idazle bat besterik ez zarela
pentsatuko du.
ERREALITATEAREN KONTRA
hitzak ari naiz biltzen.
Hitzekin errealitatea
erre ahal izateko.
Errealitatea erre ahala.
|
|
|
|
|
|
|
Desde el 15 de marzo de 2008: 134309 visitantes (284579 clics a subpáginas) |
|
|
|
|
|
|
|